Skip to main content

‘Urak aske’ dokumentala martxoaren 10ean estreinatuko da

Elhuyarrek eta Pixelek ekoiztutako lana Donostiako Trueba zinema-aretoan proiektatuko da eta, ostean, Gasteizen, Iruñean eta Euskal Herriko hainbat herritan

Elhuyarrek eta Pixelek ekoiztutako Urak aske dokumentala martxoaren 10ean estreinatuko da Donostiako Trueba zinema-aretoan. Ondoren, Gasteizen, Iruñean eta Euskal Herriko hainbat herritan ikusteko aukera izango da. «Urak aske dokumentalak naturarekin dugun harremanari buruz hausnartzen du, eta etorkizunean biodibertsitatea zaintzen segitzeko zer bide egin behar genukeen irudikatzen lagunduko digu», azaldu dute sortzaileek.

Zehazki Artikutza (Euskal Herria) eta Vezins (Normandia) herrietan kokatuta dauden bi urtegi handiren hustea eta haien presak kentzeko egin ziren obrak ditu ardatz lanak. Bi kokalekuak 800 kilometrok banatzen dituzte eta lanak aldi berean egin badira ere, ez dira modu berean aurrera eraman.

Artikutzako urtegia Urumearen arroaren goialdean kokatua dago eta mende luzez intentsiboki ustiatu ostean XX. mendearen hasieran Donostiako Udalak erosi zuen hiriko ur-horniketa beharrak asetzeko. Hango aktibitate guztia bertan behera utzi zuen eta egun Kantauri itsasoko ertzeko lekurik naturalenetako bat da. Añarbeko urtegia egin ondoren funtziorik gabe geratu ostean hasi zen huste prozesua 2017an. Naturak hamarkada luzez urpean egondako eremua berreskuratu du, baina 42 metro altu den hormak zutik jarraitzen du.

Vezins-eko kasua oso bestelakoa da. Hamar urteko prozesu gatazkatsuaren ondoren, Sélune ibaia oztopatzen zuen horma kendu dute izokina bertara itzul dadin.

Mundu osoko ikertzaileen interesa piztu dute biek ala biek eta horrek, besteak beste, bultzatu du Bego Zubia Gallastegi dokumentala egitera. Bera da zuzendaria eta gidoigilea eta Juantxo Sardon Altuna da argazki-zuzendaria. «Presak kendu, ibaiak berreskuratu» leloa duen dokumentalak 74´ irauten du.

Lehen emanaldia Donostiako Trueba zinema-aretoan izango da martxoaren 10ean 19:45etaneta, ostean, Gasteizen martxoaren 17an, Iruñean apirilaren 7an eta Euskal Herriko hainbat herritan izango da ikusgai, besteak beste Arrasate, Errenteria, Bergara, Lizoain, Lezo, Ardatz eta Urrotz.

 

Informazio iturria: Diario Vasco