Skip to main content

Artikutzako presaren hustuketa ‘Urak aske’ dokumentalean bildu dute

Pixelek eta Elhuyarrek ekoiztu dute dokumentala, eta Artikutzako eta Vezinseko (Normandia) presak husteko eta kentzeko egindako pausoak bildu dituzte. Martxoaren 10ean estreinatuko dute Donostian, baina horren ondotik bertze hainbat tokitan ikusteko aukera izanen da, tartean Urrozen. Protagonisten artean Arturo Elosegi leitzarra ageri da.

Presak kendu, ibaiak berreskuratu da Urak aske dokumentalaren leloa, 74 minutuko iraupena du eta  «naturarekin dugun harremanari buruz hausnartzea» du helburu. Bide beretik, «etorkizunean biodibertsitatea zaintzen segitzeko zer bide egin behar genukeen iruditzen lagunduko digu».

Vezinseko eta Artikutzako lanak aldi berean egin dituzte baina ez modu berean. Lehenbizikoan, hamar urteko prozesu gatazkatsuaren ondotik, Sélune ibaia oztopatzen zuen horma kendu dute. Bigarrenean, natura poliki-poliki leheneratu da, nahiz eta 42 metro altu den hormak zutik segitzen duen. Mundu osoko ikertzaileen interesa piztu dute biek ala biek.

Dokumentalaren zuzendaria eta gidoigilea Bego Zubia Gallastegi da eta argazki-zuzendaria Juantxo Sardon Altuna. Protagonisten artean, bertzeak bertze, Arturo Elosegi leitzarra ageri da, EHUko Ekologiako katedraduna.

Martxoaren 10ean Donostiako Trueba zeina-aretoan estreinatuko dute, 19:45ean. Martxoaren 17an Gasteizen ikusi ahal izanen da eta apirilaren 7an Iruñean. Tartean, Euskal Herriko bertze hainbat tokitan eginen dituzte emanaldiak: Arrasate, Errenteria, Bergara, Lizoain, Lezo, Ardatz eta Urroz, bertzeak bertze.

 

Fuente de información: Erran