Artikutzaren hustuketari buruzko dokumentala, datorren astean ikusgai
Martxoaren 10ean estreinatuko dute ‘Urak aske’, Donostiako Trueban. Sarrerak salgai daude.
Urak aske dokumentala egin dute Elhuyarrek eta Pixelek, Artikutzako eta Normandiako Vezinseko urtegien hustuketari buruzkoa; eta datorren astean estreinatuko dute, Donostiako Trueba zine aretoan. Martxoaren 10ean izango da, ostegunarekin, arratsaldeko 19:45etan. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 3 euroan, urakaske.eus webguneko agendaren atalean. Bertan daude ikusgai, hurrengo emanaldiak ere.
Lanean zeresan haundia du Urumea bailarak, eta ez Goizuetarekin duen lotura naturalagatik bakarrik. Izan ere, bailarakoak diren edo bailararekin lotura duten hainbat herritarrek hartu dute parte, Bego Zubiak zuzendu duen dokumentalean. Esaterako, Miren Gojenola arduratu da zuzendaritza artistikoaz, Igor Arroyorena da dokumentaleko musika, Amalia Elorzak aukeratu ditu jantziak, eta lantalde artistikoaren parte izan dira Ainara Ortega, Agurtzane Intxaurraga eta Mikel Laskurain.
Horrela dio dokumentalaren aurrerapenak: «urtegi batetik bi milioi metro kubiko ur hustea, desagertzeko zorian dagoen animalia txiki bat babesteko. Hori izan da Enobietako urtegia kentzeko lan egin dutenen ahalegina. Eta ametsa beteta, muturluze piriniotarrari babesleku seguru bat eman diote. Artikutzan gertatu da istorio harrigarri hori. Gaur egun, Kantauri kostaldeko baso natural onenetako bat han dago». 75 minutuko iraupena dauka.
Informazio iturria: Kronika