Naturarekin dugun harremana ardatz duen «Urak aske» dokumentala estreinatuko dute
Bi urtegiren hustuketa eta presen horma handiak ezabatzearen ondorioz naturak bere espazioa berreskuratzeko egindako bidea marrazten du «Urak aske» dokumentalak. Martxoaren 10ean estreinatuko dute Donostian, eta handik Gasteizera eta Iruñeara joango da, naturarekin daukagun harremanari buruzko hausnarketa bultzatuz.
Martxoaren 10ean, Donostiako Trueba zinemea-aretoan Pixelek eta Elhuyarrek ekoiztu duten “Urak aske” dokumentala estreinatuko da. Lana bi urtegi handien istorioetara bidaiatzeko gonbidapena da, mundu osoko ikertzaileen interesa piztu duten naturaren leheneratze prozesu bi horiek jarraitzeko.
Horietako bat Euskal Herrian bertan dago, Artikutza; bestea Vezins da, Normandian, Estatu frantsesean. Bi urtegi handi horiek husteko eta haien presak kentzeko egindako urratsak jarraitzen ditu dokumentalak, prozesu horietan izan dituzten ondorioetara hurbiltzeko.
Añarbeko urtegia egin ondoren, Artikutzako presa funtziorik gabe geratu zen. «Natura leheneratzeko asmoz», 2017an husteko prozesua jarri zen abian. Poliki-poliki burutu ziren lan horien ondorioz, naturak urpean zegoen bere espazioa berreskuratu du Urumearen arroaren goialdean, eta «desagertzeko zorian dagoen muturluze piriniotarrak» bizirauteko aukera izan du, adibidez.
Vezinsen, hamar urteko «prozesu gatazkatsuaren ondoren, Selune ibaia oztopatzen zuen horma kendu dute», izokinak ibaira itzultzeko aukera izan dezaten.
«Presak kendu, ibaiak berreskuratu» mezua luzatzen duen dokumentalak 74 minutuko iraupena du, eta «naturarekin dugun harreman pentsarazten» digu, nabarmendu dute proiektuaren bultzatzaileek.
Estreinaldirako sarrerak, salgai
Bego Zubia Gallastegi Elhuyarreko kidea da dokumentalaren zuzendaria eta gidoigilea, eta Juantxo Sardon Altuna Pixeleko kidea, argazki-zuzendaria. Dokumentalarentzat bereziki konposatutako musikaren egilea Igor Arroyo Regeiro da, eta Miren Gojenola Arriagak «urtegiaren hustuketa eta naturaren leheneratze-prozesuaren lotura» irudikatzen duen proposamen artistikoa zuzendu du.
Dokumentalak bildu dituen ahotsen artean, Arturo Elosegi EHUko Ekologiako katedraduna edota Miren Atristan eta Amaiur Esnaola EHUko ikertzaileak daude, besteak beste.
Donostian izango den estreinaldian parte hartzeko sarrerak salgai daude dagoeneko. Dokumentala Gasteizera joango da martxoaren 17an eta apirilaren 17an Iruñera, baina beste hainbat herritan ikusi ahal izango dela aurreratu dute.
Informazio iturria: Naiz