Pixel ikus-entzunezko ekoizpenak eta Elhuyar Fundazioak sortutako Urak aske lanak Artikutza (Euskal Herria) eta Vezins (Normandia) urtegiak husteko eta haien presak kentzeko egindako urratsak kontatuko ditu. Bego Zubia Gallastegik zuzendu du, eta martxoaren 10ean estreinatuko dute Donostiako Trueba zinema aretoan.
800 kilometrok banatzen dituzte Vezins eta Artikutza, eta huste lanak aldi berean egin badituzte ere, modua ez da berdina izan. Lehenengoan, hamar urteko prozesu gatazkatsuaren ondoren, Sélune ibaia oztopatzen zuen horma kendu dute, ura itzul dadin. Bigarrenean, natura poliki-poliki leheneratu da, nahiz eta 42 metro altu den hormak zutik jarraitzen duen. Bi miloi m3 hustu dituzte urtegitik, eta desagertzeko zorian dagoen muturluze piriniotarrari bizirik irauteko aukera eman diote. Mundu osoko ikertzaileen interesa piztu dute bi urtegiek.
«Presak kendu, ibaiak berreskuratu» leloa duen Urak aske dokumentalak 74 minutu irauten du, eta naturarekin dugun harremanean pentsarazi nahi digu erakusten dituen bi ekimenen bitartez. “Dokumentalak naturarekin dugun harremanari buruz hausnartzen du, eta etorkizunean biodibertsitatea zaintzen segitzeko zer bide egin behar genukeen irudikatzen lagunduko digu”.
Bego Zubia Gallastegi Elhuyarreko kideak zuzendu du lana, Juantxo Sardon Altuna Pixeleko kidea izan da argazki zuzendaria, eta dokumentalarentzat bereziki konposatutako musikaren egilea Igor Arroyo izan da. Urtegiaren hustuketaren eta naturaren leheneratze-prozesuaren arteko lotura Miren Gojenola Arriagak zuzendutako proposamen artistikoaren bitartez ere irudikatu dute filmean.
Hainbat adituk parte hartu dute kamera aurrean: Arturo Elosegi, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekologiako katedradunak; Jorge González, Biologian doktore eta Desma Estudios Ambientales enpresako kideak; eta Miren Atristan eta Amaiur Esnaola, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak. Lanketa artistikoan, azkenik, Agurtzane Intxaurraga, Myriam Pérez Cazabón eta Ainara Ortega aritu dira, beste batzuen artean.
Donostiako Trueba aretoan egingo dute dokumentalaren estreinaldia martxoaren 10ean, 19:45ean. Sarrerak salgai daude dagoeneko. Hilaren 17an, Gasteizen egongo da ikusgai, eta apirilaren 7an, Iruñean. Hurrengo emanaldiak non izango diren ere aurreratu dute sortzaileek: Arrasaten, Errenterian, Bergaran, Lizoainen, Lezon, Ardatzen eta Urrotzen ere egongo da ikusgai, besteak beste.
Informazio iturria: Zinea